Amarica Aretoa

1.11.22—11.12.23

Del que passa fora

Erik Estany Tigerström

Nola funtzionatzen dute telefono mugikorren kamerek eta irudiak katalogatzen eta antolatzen dituzten aplikazioek? Nola erlazionatzen gara espazio eta gorputz digitalekin filmetan, bideo jokoetan eta Interneten? Zer eragin dute teknologia horiek munduari begiratzen diogu moduan, eta zer modutan dira haren parte?

Erik Estany-k eskura dituen tresna ugari erabiltzen ditu irudiaren aukerak eta baldintzak aztertzeko, bai eta errealtzat jotzen dugun horretan hark duen eragina aztertzeko ere. Haren lanak ikustarazten diguna da zer nolako eragina duten teknologiaren garapen konplexu eta azkarrak, lineako bizitzak eta ikuspegi konputazionalak. Erakusketan jasotako piezek ibilbide zatikatu bat proposatzen dute, zeina abiatzen baita argazkiaren digitalizaziotik eta hura zaintza tresna gisa ugaltzetik. Erakusketako irudi eta material guztien abiapuntua Estanyren etxeko leiho bat da. Han, bere borondatez jartzen da bere kameraren mende, kale hutsaren eguneroko errutinaren argazkiak ateratzeko modu konpultsiboan. Ez ekintzek, ez nortasunek, ez argazkitan jasoriko espazioek itxura batean dute makinak eman nahi dienak baino garrantzi handiagoa. Hasierako leihoaren ondoren, irudiak marko kateatze bati lotuta ageri dira, hau da, argazki kameraren pantaila, sakelako telefonoa edo ordenagailua barne hartzen dituen marko kateatze bati, eta, bertan, aplikazio eta programa informatikoen leihoetan agertzen dira. Ibilbide esponentziala da, non urrats bakoitzak subjektua gero eta gehiago aldentzen duen, gorputzaren formak deseginda ageriko aztarna uzten duten prozesu batzuen bidez.

Irudi digitalen ekoizpenaren eta zirkulazioaren liberalizazioak irudi kopuru handiak sortzen ditu, eta nabarmen gainditzen da haiek ulertzeko eta adierazteko giza gaitasuna. Irudiak ondasun oso gutiziatuak bihurtu dira, haien gizagaindiko eskalaren eta izaera kuantifikagarri eta monetizagarriaren ondorioz. Baina Estanyk ironia kritikoz azaltzen duenez, argazkiek, batzuetan, informazio iturri huts gisa tratatzeari uko egiten diote. Haien interpretazio anizkoitzek eta haiek begiratzen dituztenen aurreiritziek arazo larriak sortzen dizkiete algoritmoak inposatzen saiatzen diren ordena eta katalogazio nahiei. Eta nahiz eta irudi batzuek deszifratuak izateko duten erresistentzia frustratzailea izan daitekeen batzuentzat, beste batzuentzat deszifraezina den alfabetoa bezalako artefaktu gogorarazleak sortzeko aukera ematen du. Erronka ludiko bat da pragmatismo zientifikorako eta inbertsio espekulatiborako, zeinetatik ikuspegi konputazionaleko tresna gehienak baitatoz.

Ordenagailu bati argazki bat deskribatzeak, edo are gehiago, kontzeptu abstraktuak (gosea edo zoriontasuna) irudiekin sintetizatzeak, arazoak dakartza, baina industria teknologikoak bide horiek esploratzen dituzten ereduak garatzen jarraitu du. Egunero erabiltzen ditugun gailuek ez dute soilik begiratzen eta ez dira soilik saiatzen ikusten dutena deskribatzen, baizik eta irudi berriak sortzen ere ikasten dute, gure interakzioak kontuan hartuta. Argazki gailuak aldez aurretik programatutako ekintza mekaniko bat egiteari utzi dio, hura operatzen duenaren eskutik elikatu eta eboluzionatzeko. Modernitateak makinaren eta haren operadorearen artean ezarri zuen bereizketa dantza algoritmiko konplexu batean lausotzen da, eta zaila da bereiztea bata non hasten den eta bestea non amaitzen den.

Hain zuzen ere, giza gaitasun kognitiboak, hala nola pertzepzioa edo lengoaia, erakusketa hau esploratzen duen ikerketa teknologikorako bide berrienetako bat bultzatu du. Estanyk eredu algoritmiko bat entrenatu du berak eta bere laguntzaileek proiektua sortu bitartean idatzi duten guztiarekin. Sistemak testu berriak sortzen ditu, zeinek irudiaren izaera esploratzeko interes sakona baitute iturri, bai eta haien praktika zer ekoizpen inguruabarretan garatu duen ere. Hitz batzuek, era berean, proiektu osoa osatzen duten argazkiekin loturak sortzen dituzte, irudiaren eta testuaren arteko erlazio algoritmikoa sortuz. Bestalde, argazkietan jasoriko dozenaka aurpegirekin entrenatutako bigarren eredu batek irudi berriak sortzen ditu, eta irudi horiek ereduaren beraren kalkulu estatistikoak eta operadoreak, Erik Estanyk, haietan egindako ekintzak baino ez dituzte irudikatzen. Bi ikaskuntza sistema automatizatuekin (testukoa eta argazkietakoa) erakusketarako sortutako materialek baztertu egiten dituzte estetika fotoerrealistak eta tresna horien garatzaileek lortu nahi dituzten lengoaia naturalaren asmoak. Asmoa ez da existitzen ez diren pertsonen aurpegirik sortzea, ez eta Estanyren beraren idazketa ordeztuko duten entseguak idaztea ere. Aitzitik, artefaktu artistiko gisa eskaintzen dituzten aukera estetiko eta politikoak ikertzea ahalbidetuko duen jolas esperimental baten emaitza gisa planteatzen dira.

Lan prozesuaren, haren inguruabarren eta emaitzaren arteko mihiztadura presente dago erakusketa osoan. Amarika aretoko gorputzen eta aurpegien irudikapenak fisikoki eta digitalki erakusten dira sorkuntza fase desberdinetan. Gaur egungo ikuspegi tresnen “kutxa beltza” irekitzeko ahalegin nabarmena da Del que passa fora, eta hori dela-eta bere ekoizpen prozesuak esploratzen ditu ikuspegi kritikoak eskaintzeko eta ikusizko irudikapenaren edo aurkezpenaren forma desberdinek eragiten dituzten eraginak aztertzeko.

-

Erik Estany Tigerström-ek (Celrà, 1982) argazkigintza, argazkigintza bera eta hizkuntzarekin duen harremanean pentsatzeko tresna gisa erabiltzen du. Bere lanak gaur egungo irudi agentziei buruz, irudi horiek erabiltzen dituzten teknologiaren egitura ideologikoari buruz, eta irudi horien zentralitateak gure bizitzetan dituen inplikazioei buruz hausnartzen du.

Bere lana hainbat erakusketa eta jaialditan erakutsi da, besteak beste, Inund ‘Art (Girona, 2017) Arte Garaikidearen Erakusketan, Photogenic (Bartzelona, 2019) Argazki Emergentearen Jaialdia, Fotolimo Argazkilaritzaren Mugaz Gaindiko Jaialdian (Portbou, 2020), Art Photo BCN Erakusketan (Bartzelona, 2020) edo FineArt Jaialdian (Igualada, 2020). Bere proiektuaren bakarkako erakusketa bat ere egin du, Can Basté-ko Cava Aretoan (Bartzelona, 2020). Bere lanak hainbat aintzatespen jaso ditu, horien artean 15 Fòrum Fotogràfic Can Basté (2018) saria, 6 Art Photo BCN (2019) jaialdiko saria, edo erakusketaren edizio bereko Copia ‘s Wall Award saria.

Diseinu grafikoan trebatu da Catalunyako Escola Superior de Disseny i d ‘Arts Plàstiques (Olot) eta ikus-entzunezko errealizazioan IDEPen (Bartzelona). Argazkigintzari dagokionez, ERAMen (Gironako Unibertsitateari atxikitako zentroa), FUGAn (Bartzelona), El Observatorio (Bartzelona) eta CASAn (Madril) ikasi du, baita hainbat tailer eta mintegitan ere.