Saúl Vara (Vitoria-Gasteiz, 1989) – ‘Caos’
Elementu naturalen eta egunerokoen abstrakzioaren eta testuingurutik ateratzearen bidez, Vararen lan fotografiko kontzeptualak kaosari leiho txiki bat irekitzea bilatzen du, oraindik deszifratu gabe dagoen ordena hori, bertatik behatu eta pentsatu ahal izateko. Sortutako atmosfera ahul eta introspektiboak osatzen gaituen sistema kaotikoen egitura konplexuan murgiltzera gonbidatzen gaitu. Kaosa, horrela, harriduraren zaindari nagusi bihurtzen da, bizitzari bizia ematen dion enigma horren zaindari.
Saul Varak bere argazki-ibilbidean hainbat proiektu garatu ditu, banakakoak zein kolektiboak. Gaur egun, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako argazkigintzako azken urtea egiten ari da. Gasteizko IN SITU ArtFestival (2021/2022) jaialdiaren bi edizioetan erakutsi du bere lana, eta aurten FotoArteren erakusketa kolektiboan parte hartzeko aukeratu dute. 2021eko martxoan, Julián Barónek zuzendutako ‘Ser libro’ tailer kolektiboan eginiko artefaktoak erakutsi zituen Zas Kultur Espazioan.
Raquel Echevarría (Vitoria-Gasteiz) – ‘Radiografías del Ser’
Bere argazki-proiektuak gorputzaren mugimenduan sakontzen du, baita dantzaren bidez dituen onura emozionaletan ere. Ibilbide honek gorputzaren kontzientzia bultzatzen du, bere adierazpenean mugimendu aske bat sortzeko helburuarekin. Funtsean, emakumearen zama emozionaletik askatzeko oda bat da. Gorputzen gainjartzearen bidez, mugimenduari esker sortzen den ariketa introspektibo eta adierazkorraz hitz egiten du egileak. Horretarako, material malguak eta gardenak erabiltzen ditu, harreman amaigabe baten plastikotasuna islatzen dutenak.
Bere lanean irudiak ikus-entzunezko piezekin, collagearekin eta poesia formako idazketarekin konbinatzen ditu. Argazkigintza analogikoa du bitarteko, eta, gaur egun, emakumeen gorputzaren erretratuan eta adierazpenean du interesik handiena. Moda-diseinua ikasi zuen, eta 2016an Madrilera joan zen Modaren Komunikazioa eta Irudia ikastera; han, ekoizle batean praktikak egin zituen, bideoklipetan estilista gisa. 2019an, Global Training beka jaso zuen argazkilari eta bideografo gisa bere ibilbide profesionala Bruselan (Belgika) jarraitzeko.
Rubén Beca (Vitoria-Gasteiz, 1897) – ‘La lluvia que no cala’
Bada denbora komunikabideek irudia nola tratatzen duten ikusten nabilela, albisteak gorpuzteko; sentsibilizatu beharrean, bustitzen ez duen euri-ura bezala lortzen da gizartea lokartzea. Instalazio honek 30 eta 50eko hamarkadetako kamera klasikoekin ateratako lau argazkiz osatuta dago, gerrako erreportari klasikoek erabiltzen zituzten materialetan oinarritutakoak. Irudi bakoitzean, Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren berri ematen da, Gasteizen jende asko ibiltzen den lau tokitan. Artelana inaugurazio egunean amaituko da ikuslearen begietara, irudiak kafearekin tintatuz, euria bezala argazkien gainetik isurita. Lan honen bidez, ikusleari gogoeta eragin nahi diot gaur egun albisteen irudi gordinak ikusteak eragiten digun eragin txikiaz eta horrek jendartearen pasibotasunean duen eraginaz.
Beka artista, ingeniari eta diseinatzaile aeronautikoa da, eta betidanik izan du behatzeko eta sortzeko kezka, bere lanbidea artearekin lotuz. Bere obran ingeniari mekaniko baten eskuak ikusten dira, bai erabilitako materialengatik, hala nola altzairua, bai horiek osatzeko moduagatik. Formatu handiko eskulturak egin ahal izateko egituratutako eta antolatutako sorkuntza-prozesuak dira. Bere ibilbide artistikoaren hasiera Gasteizko Arte eta Lanbide eskolan izan zen. “Nire artearekin, nire lanetan jorratzen ditudan gai sozialei buruzko hausnarketa kritikoa piztu nahi dut norbanakoarengan: migrazioa, prostituzioa, klase-borroka, kutsadura globala, komunikabideen eragina, genero-diskriminazioa, etab.”
Annie Chkhartishvili (Georgia, 2001) – ‘Pliegues’
Serie honetan, Chkhartishvilik bat-bateko argazkigintzarekin esperimentatzen du, eta argazkia bere mugetatik haratago eramaten saiatzen da, ‘Polaroid Emulsion Lift ‘izeneko teknika batekin. Teknika horretan, filma askatzen da eta aurrealdeko panel gardena ur epeletan murgiltzen da, emultsio-geruza plastikotik askatzeko. Emultsio horiek hainbat paperetan edo beste material batzuetan jar daitezke Irudi-sorta batetik abiatuta, egileak argi-ilunaren ñabardurak atzematea du helburu, inguratzen duten bolumenak eta formak azpimarratuta. Emultsioa heze dagoen bitartean, pintzel batekin edo hatzekin landu daiteke, zimurrak sortu edo ezabatu eta egitura eta forma desberdinak eman.
Nerabezaroan Gasteizera bizitzera joan ondoren, arte-munduarekiko zuen interesa areagotu egin zen. 2020an Bilbora joan zen bizitzera. Han bizi da gaur egun, eta EHUko unibertsitatean Sorkuntza eta Diseinuko hirugarren maila egiten ari da. Bere ikasketen hasieran, Anniek bere praktikaren ardatza argazkigintzan jarri zuen. Karreraren lehen bi urteetan proiektu pertsonaletan, erretratuetan eta kaleko argazkigintzan lan egin zuen, teknika mistoen esparruan argazkigintzaren irudiaren eta aukeren inguruko esperimentazioak eginez. 2022ko ekainean Arte Vital Lehiaketako erakusketan parte hartu zuen.
´Ironías de la identidad´
Autoerretratuak txartel-argazkien estiloan irudikatzean oinarritzen den argazki-ariketaren bidez, geure burua baloratzeko erabiltzen dugun autodeskribapenaren kontzeptua planteatu dut. Proiektu hau 35 irudirekin hasten da, ondoren eskaneatze eta edizio digitaleko prozesu batetik pasatzen direnak, argazkiei kolorea eta testura ematean datzana.